2013(e)ko maiatzaren 7(a), asteartea


Ur kontsumoa %16 murriztea lortu dute azken urte bian


Martxoaren 22an, Uraren Nazioarteko Eguna izan zela-eta eman ditu jakitera datuok Udalak. Iazko ur kontsumoaren datuak 2009koekin alderatuta jasotako emaitzak dira goian aipatutakoak.

Zehaztu dutenez, ur-eskaria %16 murriztuta, urtean %15eko diru-aurreztea lortu da, udal arduradunen arabera (urtean 145.000 euro). Nabarmendu dute baita 2011n, biztanleko 115 litro ur kontsumitu zela eguneko eta 2004an 130 litro.

Alkate Aitziber Irigorasek azaldu duenez, ur-hornidura sarearen kudeaketa hobetzeko eta kontsumoa murrizteko plangintzaren barruan jaso izan diren helburuak bete ditu Durangok: ur-eskaria murriztea (etxeetako, zerbitzuen  eta industria sektorekoa), batetik, eta, bestetik, sareko ur galtzeak edo kontrolik gabeko kontsumoa murriztea. Udaletxean bertan hasi ziren lehenego neurriak hartzen 2008an: instalazio guztietan ur-kontagailuak jarri ziren, ur-emariak jaisteko erreduktoreak ezarri ziren eraikin publikoetan eta udaleko lan-brigadaren Ekoskan ingurumen-egiaztagiria jarri zen martxan. "Horretara, eraikin publikoetan uraren kontsumoa %48 murriztea lortu genuen".

2009an, berriz, "ur-sarearen sektorizatzeagaz eta hornidura sarearen monitorizatzeagaz ur galerak murrizteko  plangintza" jarri zuen martxan Udalak. Horrek ur galerak detektatzeko neurriak ere batzen zituen. Espainiako inbertsio-funtsaren diru-laguntzekin egin zitzaion aurre plangintza horri; 700.000 euroan eman ziren lanok. Ur-hornidura sareari eta ura aurrezteri dagokionez aurrera eroan den egitasmo "garrantzitsuena" izan da hori.

Udaleko Gobernu Taldeak adierazi duenez, martxan jarritako egitasmo horren bitartez, %37 murriztu da kontrolik gabeko kontsumoa edota ur-galera maila. Ur-Partzuergoaren arabera, "normala" da sareko ur-galera maila hori, udal arduradunek jakin eragin dutenez.

Mikel Artaraz

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina